Proiektu
bakoitzak bere sortzailearen ukitua du beti, bai eskuzko marrazketari
dagokionez, zein errepresentazio digitalari dagokionez ere. Bakoitzak bere
ideiak irudikatzerako orduan bere estilo propioa du eta hori proiektua garatzen
den bitartean zein azken irudia egiterakoan argi ikusten da. Ondo dago norberak
bere estiloa izatea, baina era horretako panel batzuk aurkeztu behar direnean
ideia du benetan garrantzia, eta ideia hori ondo azaltzea da ikaslearen
zeregina.
Arkitektura
eskolan gaudenak gaiari buruz gehiago edo gutxiago dakigu (lehenengo mailako
ikasle batek edo irakasle baten maila ez baita berdina), baina proiektuak
ikusterakoan lan horri buruzko pertzepzio argia izan beharko dugu. Ez hori
bakarrik, arkitektura munduarekin zerikusirik ez duen norbait panela ikusiko
balu, proiektua ulertzeko moduko lana aurkeztu behar delakoan nago. Hori
lortzea gauza erreza ez bada ere kontutan hartu beharreko hainbat puntu daude,
niretzat garrantzitsuena: testu gehiegirik ez idaztea.
Paneletan
esaldi motzak edota hitzezko erreferentzia txikiak baino ez lirateke agertu
behar, izan ere, askoz ere argiago eta ulerkorragoa suertatzen da irudiz,
marrazkiz, planoz edota collage bidezko azalpena. Hitzak garrantzitsuak badira
ere, eta jendaurrean proiektua azaltzerakoan erabili behar badira ere,
proiektua eta haren garapena ulertzeko osagarri moduan kontsideratu behar
ditugu, ez lehentasunezko baliabide bezala. Askotan ez da gauza erreza, baina marrazki
bidez azal daitekeen guztia era horretan irudikatu behar dugu, izan ere,
marrazketa da arkitekturaren hizkera propioa.
Kontutan izan
beharreko beste zerbait panelen antolaketa da. Daukagun informazioa edo
lehenengo begirada batean erakutsi nahi duguna aukeratzea da lehenengo pausua,
eta hori nola antolatu hurrengo urratsa. Horrez gain, irudi bakoitzaren tamaina
egokia izan behar da, bai planoen eskala zein irudien dimentsioak; batzuetan,
betegarri moduan jarrita daudela dirudi eta.
Bestalde,
koloreen hautaketa garrantzizko gaia ere bada. Zenbaitetan, ikusleen arreta
deitu nahian edo, kolore deigarriegiak erabiltzen dira eta, arreta deitzeko
nahi hura betetzen bada ere, ikusleengan lortzen den efektua ez da desiratutakoa.
Ez dugu ahaztu
behar, panel horietaz gain maketak ere aurkeztu behar direla eta hauen itxura
ere zaindu behar dela. Edozein material edozein eratan erabiltzeak ez baitu
ezer onik ekarriko; proiektua garatzen den bitartean, gure ideia zein
materialak agertuko duen egokien erabaki behar da, era horretan ideiari etekin
osoa aterako diogu.