miércoles, 14 de noviembre de 2012

Karrera Amaierako Proiektuak

Proiektu bakoitzak bere sortzailearen ukitua du beti, bai eskuzko marrazketari dagokionez, zein errepresentazio digitalari dagokionez ere. Bakoitzak bere ideiak irudikatzerako orduan bere estilo propioa du eta hori proiektua garatzen den bitartean zein azken irudia egiterakoan argi ikusten da. Ondo dago norberak bere estiloa izatea, baina era horretako panel batzuk aurkeztu behar direnean ideia du benetan garrantzia, eta ideia hori ondo azaltzea da ikaslearen zeregina.

Arkitektura eskolan gaudenak gaiari buruz gehiago edo gutxiago dakigu (lehenengo mailako ikasle batek edo irakasle baten maila ez baita berdina), baina proiektuak ikusterakoan lan horri buruzko pertzepzio argia izan beharko dugu. Ez hori bakarrik, arkitektura munduarekin zerikusirik ez duen norbait panela ikusiko balu, proiektua ulertzeko moduko lana aurkeztu behar delakoan nago. Hori lortzea gauza erreza ez bada ere kontutan hartu beharreko hainbat puntu daude, niretzat garrantzitsuena: testu gehiegirik ez idaztea.

Paneletan esaldi motzak edota hitzezko erreferentzia txikiak baino ez lirateke agertu behar, izan ere, askoz ere argiago eta ulerkorragoa suertatzen da irudiz, marrazkiz, planoz edota collage bidezko azalpena. Hitzak garrantzitsuak badira ere, eta jendaurrean proiektua azaltzerakoan erabili behar badira ere, proiektua eta haren garapena ulertzeko osagarri moduan kontsideratu behar ditugu, ez lehentasunezko baliabide bezala. Askotan ez da gauza erreza, baina marrazki bidez azal daitekeen guztia era horretan irudikatu behar dugu, izan ere, marrazketa da arkitekturaren hizkera propioa.

Kontutan izan beharreko beste zerbait panelen antolaketa da. Daukagun informazioa edo lehenengo begirada batean erakutsi nahi duguna aukeratzea da lehenengo pausua, eta hori nola antolatu hurrengo urratsa. Horrez gain, irudi bakoitzaren tamaina egokia izan behar da, bai planoen eskala zein irudien dimentsioak; batzuetan, betegarri moduan jarrita daudela dirudi eta.

Bestalde, koloreen hautaketa garrantzizko gaia ere bada. Zenbaitetan, ikusleen arreta deitu nahian edo, kolore deigarriegiak erabiltzen dira eta, arreta deitzeko nahi hura betetzen bada ere, ikusleengan lortzen den efektua ez da desiratutakoa.

Ez dugu ahaztu behar, panel horietaz gain maketak ere aurkeztu behar direla eta hauen itxura ere zaindu behar dela. Edozein material edozein eratan erabiltzeak ez baitu ezer onik ekarriko; proiektua garatzen den bitartean, gure ideia zein materialak agertuko duen egokien erabaki behar da, era horretan ideiari etekin osoa aterako diogu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario